Francina Lluch Armengol i Socias, ezaguna Francina Armengol izenez, (Inca, Balearrak, 1971ko abuztuaren 11) mallorcar farmazialari eta politikaria da, Balear Uharteetako Sozialisten Alderdia alderdi politikoko kidea. 2015eko uztailaren 2az geroztik Balear Uharteetako Gobernuko presidentea da, bi legegintzaldiz jarraian: IX. eta X. legegintzaldietan.
1991 eta 1995 bitartean Incako alkate izan zen Jaume Armengol Coll militante sozialistaren alaba da. 1995ean Farmazian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean. Gainera, Dermofarmazian graduondokoa eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Kataluniako Unibertsitate Irekian. Ikasketak, amaitu ondoren familiaren botikan egin zuen lan 1999ra arte.
Francina 1998an sartu zen politikagintzan, 1998 eta 2000 bitartean Incako zinegotzi izan baitzen. 1999az geroztik Balear Uharteetako Parlamentuko diputatua da Mallorcako hautes-barrutitik, guztira sei legegintzaldiz jarraian: V., VI., VII., VIII., IX. eta X. legegintzaldietan, zehatz-mehatz. Gainera, 2007ko ekainaren 19tik 2011ko ekainaren 14ra Mallorcako Uharte Kontseiluko presidentea izan zen.